BUDISMOAREN
HIRU ESKOLA NAGUSIAK
-Sarrera-
Gure gogoaren egungo egoera aurreko ekintzek eragiten dutela erakusten
du Budismoak. Hau beti da horrela, zernahi izate-erreinutan jaiotzen
garelarik ere. Izate mota guztiak kausa eta efektu legearen ondorio
gertatzen dira, hutsik egin gabe.
Gogoa ekintza guztien sorburua da. Gizabanakoaren jokabidea pentsamendu
eta sinesmenean oinarritzen da.
Samsara, betiereko sufrimendu egoera, beti agertuko da, gogoa
ezjakintasunaren menpe dagoen bitartean. Hauxe da kontua; horrelaxe
da, eta ez soilik Shakyamuni Budak esan zuelako.
Irakaspen budistak ezjakintasunetik irteteko metodo dira. Kontuan
izanik ezjakintasuna gogoaren egoera bat besterik ez dela, praktika
budista argialdi egoera erdiesten saiatzen den gogoaren prozesu
bat da. Prozesu honetan bi aldi daude: gauzak beren benetako errealitatean
ikasi eta kontenplatzea, eta, ikertutakoaren ulermena lantzea,
errealitate horretatik jasotako pertzepzioa zehatza izan dadin.
Budaren izen tibetarra Sang-gye da; izen horrek argitzen
du planteamendu hau. Sang-ek iratzarri esan nahi du,
hau da, ezjakintasunaren ametsetik esnatzea. Esnatze hau, iluntasuna
argitzen duen eguzkia bezalakoa da. Gye hitzak argialdiaren
ezaugarriak adierazten ditu, hauek ezjakintasuna desagertu dela
adierazteko agertzen eta hedatzen dira. Lore bat bere edertasun
guztia hedatuz loratzen denean bezala.
Budak hiru irakaskuntza maila eman zituen, Hiru Ibilgailuak edo
Hiru Yanak izenekoak. Gizabanako bakoitzari dagokion maila bere
ulermenaren araberakoa izango da.

Hiru eskola nagusi hauek helburu ezberdinak dituzte eta errealitatea
erakusteko modu desberdinak.
Lehenengo eskolan, Shravakayanan,
pentsamenduaren bi adar nagusiak Vaibashika eta Sautrantika dira.
Biek erakusten dute izate baldintzatuaren arrazoia, gizabanakoa
betiereko entitate iraunkorra delako sinesmen ezjakina dela.
Okerreko ideia hau gainditzeko zenbait irakaspen ikasten dira.
Irakaspen hauek azaltzen dute ni-ak ez duela esentziarik,
hau da, substantziarik gabekoa eta irreala dela. Behin errealitatea
ikusteko modu berri honen ulermen sakona lortuz gero, gizabanakoa
horretara ohitzen da eta bere berezko osagai bihurtzen du. Horrela
iristen da Shravakayanaren Arhat egoerara, planteamendu honetatik
lor daitekeen mailarik gorena dena.
Bigarren eskola, Pratyekabuddhayana,
haratago doa. Honen arabera, gizabanakoa bezala, gertakari guztiak,
gauza guztiak, ez dira benetan existitzen diren entitateak, irudimenezkoak
baizik, amets bateko irudiak diren bezalakoak. Shravakayanan bezala,
bi garapen aldi daude: azterketa intelektuala eta, jarraian, errealitatea
jasotzeko modu berri baten lanketa. Horrela lortzen da bigarren
planteamendu honen gorenera.
Praktikatzaileek beren esnatze prozesuan gertatzen diren hamabi
aldiak kontenplatzen dituzte, oinarrizko ezagutza, ekintzak eta
berauen karma, inkontzientearen ohiko jarraibideak, eta horrela
hurrenez hurren. Aldi hauek alderantzizko ordenan ere kontenplatzen
dituzte: hasi heriotzatik, zahartzaroa, jaiotza eta horrela, hurrenez
hurren. Planteamendu honen helburua Pratyekabuddhayanaren Arhat
egoera lortzea da. Egoera hau gizabanakoaren hustasunaren erabateko
gauzatzea da eta baita kanpoko fenomenoen hustasunaren zati bat
burutzea ere.

Hirugarren eskola, Mahayana, izaki
sentikor ororenganako errukitasunaz mintzo da, eta gizabanakoaren
eta gertaera guztien hustasunaz. Eskola honek erakusten du hamar
paramiten praktika, fenomenoen ilauntasunaren pertzepzioaren ezagutzan
oinarritzen dena.
Errukitasuna eta hustasuna banaezinak direla irakasten du nagusiki
tradizio honek. Kontua da, errukitasunak besteen ongizaterako
lan egitera bultzatzen duela, eta hustasunaren pertzepzioak gogargituta
egiteko aukera ematen du. Hustasunaren pertzepzio honek gogoaren
benetako izaera gauzatzera eramaten gaitu. Mahayanaren arabera,
gogoaren benetako izaera hori ezagupenaren eta hustasunaren batasuna
da, ezagupena eta hustasuna kontzeptuzko gogoaren mugetatik aske
egonik.
Planteamendu honetan, aurreko bietan bezala, praktika ikasketa
prozesu batekin hasten da, eta bertan, garapen pertsonalaren oinarri
bilakatzen da ulermen zuzena. Praktikatzaileak besteei on egiteko
ahalegina egiten du, ulertuz, gertaera guztiak errealitate gabekoak
eta irudimenekoak direla. Praktika ulermen horretan oinarritzen
denean, praktikatzaileak ez du horregatik sari bat jasoko duen
uste edo itxaropenik izango.
Mahayanaren ikuspuntua alderdi guztietatik ezagutzea oinarrizkoa
da Buda egoera lortzea ahalbidetzen duten gogoaren egoerak lantzeko.
Buda egoera: argialdia, gauzen benetako izaeraren ikuspegi sakona,
hau da, gertaerek ez dutela benetako esentzia edo substantziarik.
Halako hustasuna ez da hutsune soil bat. Aitzitik, berorren bitartez
agertzen dira hiru kayak iratzartzearen ezaugarriak.
Hiru Ibilgailuen, erakusketa laburra da hau eta bertan Budaren
irakaspen guztiak biltzen dira. Bide budistari ekin nahi dionak
zehatz-mehatz ikasi behar ditu irakaspenak eta ondoren praktikan
jarri. Budak esan zuen berak bidea erakuts zezakeela, baina argialdia
lan pertsonalarekin soilik erdiesten dela.