ARGIALDIA
ZEURE BARRUAN DAGO
Marpa
izaki handia izan zen, argialdia iritsi eta kagyupa irakaspenerako
oinarriak ezarri zituena. Gainera, Milareparen irakaslea izan
zen, Tibeteko yogi ezagunenaren irakaslea. Gaur ematen den iniziazioa
Marparen "Guru Yoga" iniziazioa da. Iniziazio honekin
ateratzen den onura, batez ere da, zeure barruan dagoen iratzartzeko
hazia helaraztea. Gainera, zure praktika guztiak ondo burutzea
lortuko duzu eta sor daitezkeen eragozpenek indarra galduko dute
eta gainditu egingo dituzu Marparen desioetatik sortzen diren
bedeinkapenei esker. Gauza jakina da guri egokitzen zaizkigun
bedeinkapen guztiak burutzapen handiko Bodhisattvek ekartzen dituztela
beren desio onekin.
Argialdia
zeure barruan dago. Budak ezin zaitu bere eskuez haraino eraman.
Ilusioa zeure barruan dago, samsara eta gogoaren beste arazoak
dauden bezalaxe. Ilusioa, emozio ezkorrak eta samsara zeure gogoan
baldin badaude, argialdia ere badago. Arazo hauek guztiak konpontzen
direnean, hortxe agertuko da argialdia. Beraz, argialdia zeure
gogoan dago.
Dharma
hitzak "metodoak" esan nahi du, argialdia lortzeko praktikatzen
dituzun metodoak. Praktika egiten duzunean, jasotzen duzun emaitza
babesa da, Budaren babesa.
Praktikatzen
hasten zarenean, Dharmak berez duen garrantzia ulertu behar duzu.
Gure bizitzaren iraupena gure gorputzak mugatzen du, baina hau
ez da horrela gertatzen gure gogoaren iraupenarekin. Gogoak jarraitu
egiten du berak jasotako kausa karmikoak berarekin eramanez. Hori
dela eta, gure bizitzan gertatzen zaizkigun gauza on eta txarrak
iraganeko karmaren emaitza dira.
Gizakiak
garen aldetik, talde-karma bera dugu denok, erreinu bera, izaera
mota bera, gure unibertsoko izaki sentikor guztiekiko itxura bera.
Horregatik komunika gaitezke geure artean. Hauxe da talde-karmaren
emaitza.
Alabaina, banakako karma ez da berdina izaki sentikor guztietan.
Banakako karmaren arabera, pertsona batzuk besteak baino zoriontsuagoak
dira.
Benetan, unibertso osoa eta zu ere, gogotik bertatik sortutako
ilusio bat zarete. Ilusio hau karmaren emaitza da. Ezin da ahaztu
karma bera ere gogoa dela. Behin karma heldu eta, ondorioz, ilusioa
agertzen denean, hau sendo mantentzen da bere azpiko kausa itzali
arte. Hau gertatzen denean, badirudi amets bat desagertu dela.
Beste kausa bati dagokion ilusioak hartuko du ilusio zaharraren
lekua. Horrela azaltzen da kausa eta efektu legea. Inork ez daki
zein den bere karma propioa, zeintzuk diren bere kausak eta laster
batean gertatuko diren efektuak. Ez dakigu zein den oraingo bizitzara
ekarri gaituen karma. Hurrengo kausa zein etorriko den ere ez
dakigu, ezta bere efektuak zeintzuk izango diren ere. Inork ezin
du jakin edo aztertu zerbait horretaz.
Karma
pilatu egiten da eta emozio ezkorren metaketarekin eratzen da.
Ikusezina da. Ez du substantziarik, ez formarik. Baina, hala ere,
karmaren emaitza agerikoa da, ilusio bat bezala agertzen baita
Emozio ezkorrak ere gogoaren zati dira, karma eta bere emaitza
den ilusioa bezala. Hiru alderdi hauen artean bat bakarra da agerikoa,
nahiz eta beranduegi izan aldatzeko. Metatutako karma mugagabea
da, izan ere, iraganeko emozio ezkorrak mugagabeak baitira. Ez
du balio okerreko ezer egin ez duzula-eta zure burua zuritzen
ibiltzea.
Metatutako
karmaren ondorioz, etorkizun batean, karma handiago bat helduko
da eta dagokion emaitza gertatuko da.
Etorkizuna
ezezaguna da. Karmaren ulermen honekin Dharma praktikatzen hasten
garenean, konpromisoa oso handia da eta praktikari eutsi egin
beharko diogu. Dharma aurkitu egin dugu eta Buda egoeraren azaleko
ulermen bat izan dugu. "Giza izate preziotsu bat" deitzen
dena gozatu dugu. Zergatik da preziotsua? Gogoaren irtenbidea
delako. Zorionez, bizitzak badu orain esanahi bat. Baina bizitza
iragankorra da. Uneoro zahartzen ari gara. Argialdia bezalako
irtenbiderik gabe, bizitzak ez du inolako zentzurik. Bizitza eroso
bat bizitzeak ideia ona dirudi, edonork nahi luke beretzat, baina
gure desioak kontuan hartu gabe, etorkizunean gerta daitekeena
erabat ezezaguna da.
Une
bakoitza esanguratsua da, samsararen amarrutik ateratzen gaituzten
metodoei jarraituz bizitzen badugu. Hau ulertuta oso motibazio
sendoa eduki beharko genuke. Baina motibazioa lehen urratsa besterik
ez da. Horretaz gain, Dharma ezagutu behar da.
Litekeena
da Dharma berehalakoan ez ulertzea, baina Budaren adibidea ezagututa,
motibazio on bat garatu ahal izango da eta motibazio honek Dharma
ikasten lagunduko digu. Hauxe da bigarren urratsa.
Oso
garrantzitsua da Dharma ondo ezagutzen duen norbaitengandik ikastea.
Horrela bakarrik jasoko dira irakaspen zehatzak. Irakaspen hauek,
errepide bateko norabideak bezala, tokiren batera iristeko dira.
Horrela, San Frantziskora joan nahi badugu errepidea ondo ezagutu
eta mapa ondo aztertu behar dugun bezala, pertsona aditu batek
erakutsiko digu nola iritsi hara. Besteak beste, horrelako azalpenak
emango dizkigu: "Autobide hau hartzen baduzu, luzeagoa izango
da" edo "bide hau laburragoa da" edo "hauxe
duzu bide egokia" eta abar. Dharmarekin ere antzeko zerbait
gertatzen da. Maisu aditu baten laguntza behar dugu, hau da, helbide
zuzena erakutsi eta irakatsiko digun norbaiten laguntza. Berak
ezagutzen du Dharma, bidea. Maisuarengandik jaso behar dira ildo
nagusiak eta ikertu ondoren helmugara jo. Bestela, zertarako ikasi?
Garrantzitsua
da Dharmaren praktika zuzen egitea. Demagun Los Angelesen oso
negozio garrantzitsua duzula. Han ordu jakin batean egon behar
duzu. Los Angelesera joateko zure etxetik irten zaren unetik minutu
guztiak dira garrantzitsuak. Ondo ezagutzen duzu ibilbidea. Bidean
kontzentratuta zoaz. Helmugara iritsiko zara eta irten zarenean
pentsatu duzuna burutuko duzu. Dharmaren praktikak ere horrelakoa
behar du izan.
Dharmaren
praktikan paramitak deitzen dioguna aplikatzen da. Paramitak gurutzatu
esan nahi du, beste aldera iristeko ozeanoa gurutzatzea bezala.
Jarrai dezagun Los Angeleserako ibilbidearen adibidearekin. Testuinguru
honetan, etikaren paramita aplitzeak esan nahiko luke ezin duzula
alkoholik edan gidatzen duzun bitartean, bestela mozkortu eta
istripu bat izateko arriskua izango zenuke eta. Beste ardura bat,
gidatzen duzun bitartean loak ez hartzea izango litzateke. Bestela
esanda, horrela saihestuko zenituzke zure xedea lortzea galaraziko
lizuketen gauza guztiak. Disziplina mota hau beharrezkoa da bidaia
ondo egiteko. Dharma praktikatzen ari garenean, beharrezko bitarteko
guztiak jartzeko paramitak aplikatzen dira, argialdiaren ibilbidea
ondo burututzeko.
Argialdia
gure irudimena baino haratago dago. Dharmaren praktikak ez du
mugarik, baina gure gogoak badu praktikatzeko gaitasuna. Zehatzago
esateko, Dharmaren praktika hiru ataletan bil daiteke: praktika
nagusia eta bigarren mailako bi praktika.
Praktika
nagusia meditazioa da. Meditazioa hitz arrunta da, baina Dharman
esanahi zehatza hartzen du: gogoaren arazo guztiak kentzea.
Samadhi gogoaren izaeraren burutzapena da. Samadhi meditazio bat
da eta arreta gogoaren izaeran kontzentratzen du. Erraza da esaten
"gogoaren izaera" baina oso zaila burutzen. Meditazio
nagusiaren zeregina da arazo mental guztiak kentzeko gogoaren
izaera behatzea. Arazo mental hauek ez dira ulertzen gauza arruntak
ez balira bezala, hauek emozio ezkorrei eta ezjakintasunari egiten
diote erreferentzia.
Ezjakintasuna
da emozio ezkor guztien eragile nagusia. Meditazioak emozio hauek
kentzeko bere norabidea emozio ezkor bakoitzera zuzenduko du.
Horrela lortzen da askapena.
"Ngondro"ren
edo Fundazio-aren praktikan dauden bigarren mailako bi praktiketako
batek karma garbitzen du, eta besteak merezimenduak garatzen ditu
eta praktika indartzen du arrakasta izan dezan. Honenbestez, bigarren
mailako bi praktikak metodoak dira eta meditazioa praktika nagusia.
Hau eginez argialdia lortzen da. Honetan oinarritzen da funtsean
Dharmaren praktika.
Bizitza
honetan Dharma praktikatzen denean, emaitzak lortzen dira. Esate
baterako, erabateko argialdia lor daiteke eta motelak bagara ere,
beti jasoko ditugu gutxienez lorpen positiboak. Besteak beste,
etorkizunerako kausa positiboak sortzen dira eta hauek hazten
jarraituko dute. Bizitza honetan helmugara iristen ez bagara ere
etorkizuneko bizitzetako batean lortuko dugu.
Bestalde, gerta daiteke aukera hau galtzea eta karma iritsi eta
betiko galtzea.
Seguru asko zure iraganeko karma ez da oso ona izango, bestela
ez zinateke orain samsaran egongo. Beha ezazu zenbat emozio ezkor
dituzun orain.
Honek
esan nahi du iraganean ohitura mental ezkor asko metatu dituzula.
Hortik ezin da ezer onik atera. Hori ikusteko modu logiko bat
da hau. Horrela konbentzitu ahal izango zara zure emozio ezkorrak
oraindik sendoak baldin badira, agian zure karma gehiengoa ez
dela oso ona izango. Behin aukera hau galtzen baldin baduzu, betiko
galduko duzu. Arrazoi honek egiten du bizitza hau giza bizitza
preziotsu bat izatea, eta ez da alferrik galdu behar.
Pertsonen
arazoa da pentsatzea "nik emaitzak berehala lortu behar ditut,
ezin dut bost edo sei urte baino gehiago itxaron. Bestela, hau
ez da nire gustukoa". Baina, praktikarik gabeko bizitza arrunt
bat beha ezazu. Zer lor dezakezu horren iraunkorra izango denik?
Ez duzu ezer aurkituko. Ezin dituzu Dharmaren praktikaren emaitzak
sei urtean lortu. Besterik gabe, ezin duzu. Hala eta guztiz ere,
esanahia duen zerbaitekin konprometituta zaude. Sei urtean praktikatzen
ibili ondoren, oraindik beste era bateko helbururen bat lortu
nahi baduzu, Dharma utzi eta horri ekin diezaiokezu. Baina, ba
al dago beste helbururik? Izaki sentikorrentzat argialdia lortzea
beste helmugarik ez dauka bizitzak. Ni ez nabil zu adoregabetu
nahian, baina, benetan, bizitzan ez dago beste xederik. Saia zaitezke
aberats izaten, baina gero zer? Demagun, oso politiko ospetsua
izan zaitezkeela, edo herrialde bateko lehendakari, baina orduan
zer? Arazoa berbera da, ezta? Dharmaren praktika da onena. Hau
dela eta, oso poliki aurreratzen baduzu ere, Dharmaren praktikak
beste edozer gauzak baino esanahi handiagoa du bizitzan.
Menlo Parken, Kalifornian, Marpa Iniziazioaren aurreko irakaspena,
1994ko abuztuan