BODHISATTVA
BOTOA
Bodhisattva
botoan bi alderdi nabarmendu behar dira. Lehenengoa desioa da
(motibazioa), asmoa edo bodhisattva baten helburua. Bigarren alderdia,
asmo edo motibazio horren gauzatzea da. Desioa burutzeak gauzatzea
esan nahi du, edo asmoa ekintzetan jartzea. Bodhisattva botoa
Babes botoaren ondoren hartu behar da.
Bodhisattva Botoaren helburua
Lehen-lehenik
desioa edo helburuaren alderdia agertuko da. Horrek esan nahi
du gure gogoa helburu batera zuzenduko dugula, jomuga batera.
Zer esan nahi du horrek? Ba gure gogoak zuzenduko ditugula espazioan
bizi diren izaki guztiengana, mundu eta planeta guztietako izate
forma guzti-guztietara. Zein da izaki bizidun baten ezaugarria?
Gogoa izatea. Haren bizimodua sufrimenduz beteta dago, gogoa erabat
errotuta baitago oinarrizko ezjakintasunean. Oinarrizko ezjakintasunak
markatutako gogoak emozio asaldatzaileak baino ez ditu sortzen.
Eragin hauek izanik, nahi eta nahi ez, gure ekintzekin karma handitzen
da. Hazi karmikoak heltzen direnean, sufrimendua eragiten dute.
Hain zuzen, sufrimendu horrek eragiten eta sortzen ditu izate
modu desberdinak. Prozesu hori bizialdiz bizialdi gertatzen da,
eta izate-zikloa osatzen du. Izaki guztiengatik arduratzen bagara,
haien bizimoduaz eta sufrimenduaz, bene-benetako errukitasuna
garatuko dugu.
Izaki guztiak askatzeko desioaren garatzea
Izaki
guztiek bizi duten sufrimendua aintzat hartuta, jarrera bat jorratu
beharra daukagu. Gogo-jarrera hori barru-barruko desio bat da
eta zintzo jorratu behar dugu. Desio hori da, hain zuzen, izaki
guztiak erabat eta betiko sufrimendutik libre egotea. Izaki guztien
sufrimenduari aurre eginez, gu geu ere bodhicitta izeneko gogo-egoera
garatzera animatzen gara. Desio hau ulertzeko, hau da, izakiak
sufrimendutik askatzeko behin betiko, norberak ere bere burua
landu behar du eta bere sufrimendu eta nahastetik askatu behar
du. Ondoren, erdietsiko dugu besteei laguntzeko eta askatzeko
behar dugun benetako ahalmena. Ahalmen hori da iratzartze osoa
eta perfektua; budatasun egoera. Benetako ahalmena da modu erabat
bat-batekoan besteen onura bilatzeko. Gogo argiegin hori erdiesteko,
bene-benetan sortu behar izan dugu gugan horren kausa.
Gogo itzartua edo esnatua
Bodhicitta
egoera iristea, edo argitasunaren helburua, horixe da iratzartzearen
kausa. Helburu horren garatzeak hazi bat sortzen du gogoan, eta
heldutakoan argitasuna lortzen da. Gure konpromisoa gauzatzeko
egiten dugu Bodhisattva Botoa. Botoa hartutakoan, jokabide hori
gure gogoan gauzatzen jarraituko dugu, eta espiritualki burutzen.
Bizialdiz bizialdi, gero eta gehiago areagotuko dugu besteen onura
bilatzeko ahalmena. Azkenik, azken fruitua zein den ulertuko dugu,
alegia, iratzartze oso eta perfektua, hau da, budatasun egoera.
Orduan, bat-batean, izaki guztien onurarako ariko gara. Kontzeptualki
bide luzea dirudi, baina bat-batean geratzen da, inolako oztoporik
gabe. Zeruan eguzkiak argi egin eta guztia argitzen duen bezala,
Budaren jarduerak, berez, besteen onura ekarriko du. Horri esaten
zaio iratzartzearen fruitua; eta iratzartze oso eta perfektu hori
bodhicitta garatuz erdiesten da.
Beraz, honakoak dira bi ikuspuntuak, bi erreferentzi puntuak argitasunaren
bidean: fruitua bera, eta fruitua sortzen duen hazia edo kausa.
Kausa horrengatik garatzen da bodhicitta, hau da, argitasunera
iristeko jokabidea, eta horrek, Bodhisattva Botoaren forma hartzen
du.

Lau
izaki mota
Iratzartzearen
fruitua aipatu dugu. Garrantzitsua da oso ulertzea zein fruituz
ari garen eta zer esan nahi duen iratzarrita egoteak. Buda batek
gaitasuna du, bat-batean eta mugarik gabe, besteen onura erdiesteko.
Ulertu beharra daukagu zer esan nahi duen horrek. Buda batek besteen
onura lortuko du bat-batean lau izaki-motari dagozkien lau jarduera-mailen
bitartez. Bat-batean, buda baten ekintzak, samsaran eta sufrimenduan
erabat giltzapetutako izakiei laguntzen die, askatasuna erdiesteko
aukera izan dezaten. Bereziki, erreinu maila beherenekoetan harrapatutako
izakiei dagokie kasu hau. Buda batek ahalmena du horiek bizitza
berri batera eramateko, nolabaiteko zoriontasunean bizi daitezen.
Bigarren
eta hirugarren jarduera-mailak praktika espiritualaren Bidean
doazen izakiei dagozkie. Izakiok honakoak dira: Arhatsak eta Pratyekabudak
(Bidean daude, baina erdietsi duten errealizazio maila ez da oraindik
argialdi osoari dagokiona). Kasu honetan buda baten jarduerak
estimulua eta laguntza dira, izakiok erabat aska daitezen samsarik.
Azter
ditzagun Arhatsak. Praktikak Ibilgailu Txikia (Hinayana) burutzera
eramango ditu; ba horiei ere budek berdin lagun diezaiekete argialdi
osoa erdiesten. Gogoan barne-bakea ezarri dutenak dira Arhatsak.
Baketasun horretan bizi dira erabat. Barneko bake hori erdiestea
bakoitzaren askatasunaren bidearen fruitu da, hori da Arhats batek
erdietsitako argialdi maila.
Buda
baten jokaerak eragina izan dezake arhats batengan, aurrera egin
dezan iratzartze osorantz, baketasun horretan geratu gabe. Buda
baten jarduerak modu eraginkorrean akuila dezake arhats bat, naretasun
eta baretasun egoeratik irteteko, bere samadhi edo meditaziozko
liluratzetik. Budek iratzartze osoranzko bidean jarraitzeko aholku
ematen diete arhatsei . Eta halaxe da berdin-berdin Pratyekabuden
kasuan ere.
Buda
baten jarduera onuragarria da laugarren izaki mota batentzat ere.
Bodhisattva Bideko maila gorenetan dauden praktikatzaileentzat,
hain zuzen; hau da, zortzigarren edo bederatzigarren mailan. Bodhisattva
hauei euren ahaleginetan jarraitzeko animatzen eta laguntzen die
buda baten jarduerak, eta horri eusten, iratzartze osora iritsiko
diren arte.
Ikusten
dugunez, oso zabala da buda baten jarduera iratzarria. Berdin
iristen da samsaran harrapatuta dauden izakiengana, nola praktikaren
Bidean dauden izakiengana, nahiz Bidean hainbat maila erdietsi
duten izakiengana. Laburbilduz, jarduera hau, Bidearen maila guztietako
izaki mota guztien onuragarri da. Hala, garrantzitsua da ulertzea
zein den sorburuan jarduera bat-bateko eta mugagabe hori abiatzen
duen kausa: besteei laguntzeko eta besteen onurarako jarduteko
promesa, konpromisoa eta zina. Bodhisattva Botoak ekarriko digu
emaitza bat-bateko eta mugagabe hori.

Argialdiaren xedea ekintzetan ipintzea
Argitzeko
xede eta desio hau gauzatzeko, sei paramitak praktikatzeko konpromisoa
hartu behar dugu, hau da, argialdiaren sei ezaugarriak. Honakoak
dira: eskuzabaltasuna, etika, pazientzia, pertseberantzia, meditazioa,
eta jakituria-bereizmena. Buda bat sei ezaugarriok berarekin ekarri
dituena da, hobetzeko eta perfekzionatzeko.
Ezaugarriok
praktikatuta, erabateko iratzartzea burutu daiteke. Budek ezaugarriok
pratikatu eta gauzatu zituzten, perfekzionatu egin zituzten, eta
hala iritsi ziren argialdira. Hainbat bizialdi izan dituzte besteei
laguntzeko grina errotua zutelarik, bene-benetakoa. Horren ondorioz,
argialdiaren ezaugarriak loratu zituzten. Guk haien eredua jarraitu
behar dugu, eta Bodhisattva Botoa hartutakoan, honakoa pentsatu
behar dugu: Iraganeko, oraingo eta etorkizuneko budek bezala,
nik ere argialdiaren sei ezaugarriak praktikatzeko Bidea hartu
nahi dut, sei paramitak; nik ere Bide honi jarraituko diot.
Bodhisattva Botoaren diziplina
Guk
Bodhisattva botoaren hartzea eta burutzea hiru diziplina motatan
bidera dezakegu. Lehenik, sufrimendua eragiten duten gure ekintzak
murriztuko ditugu. Bigarrenik, guretzat zein besteentzat emaitza
positibo gehiago dakartzaten ekintza gehiago egingo ditugu. Eta
hirugarrenik, besteei on egiteko desioaz portatu eta jokatuko
dugu.
Bodhisattva
Botoari eutsi eta burutuko badugu entrenatu beharra daukagu. Horretarako
metodoak argi asko azalduta daude Gampoda-ren Askapenaren
bitxi apaingarria obran. Metodo horietan entrenatzen bagara
bete-betean, bertuteak eta positibo den oro gauzatzeko oinarri
sendoa eraikiko dugu. Gauzatze hori automatikoa da Botoa hautsirik
ez badago. Lo gaudenean eta gogoa erne ez dagoenean ere, onura
positibo horiek garatzen jarraitzen dute. Horregatik esaten da,
Bodhisattva Botoa lur-sail emankor baten parekoa dela, bertutearen
garatzeko.