BENETAKO MAISU BUDISTA BATEN GAITASUNAK


Budaren irakaspenak arras zabalak eta sakonak direnez, izugarri zaila da benetako irakasle gaitua izatera iristea. Erabat gai izateak, gogo argieginaren esentzia oso-osorik atzemateko ulermen maila lortzea eskatzen du, eta era guztietako uste okerretatik guztiz libre egotea.

Horrelako gizabanakorik nekez da. Alta, oso ongi prestaturiko maisu asko dago tradizio budistaren oinarri orokorren jakituria ikaragarria lortu duena, eta jende oso trebea dira ikasleak guztiz akademikoki hezteko.

Berez, jakintsu baten heziketa nahiko zorrotza da, batez ere bereganatu behar duen irakaspen kopuru haundia dela eta.

Tibeteko budismoaren tradizioan iruzkin bilduma izugarria dago sutretan, tantretan eta Budaren irakaspenetatik sortutako beste zenbait ikuspegiri buruzkoa.

Duela mendeak sanskritotik itzulitako Nagarjuna, Asanga eta beste zenbait jakitun eta izaki buruturen idazkiak Tibetera eraman zituzten, eta han, hainbat eta hainbat filosoforen gogoeta-gai izan dira.

Tradizioak etengabeko eboluzioa izan du, eta era berean, irakaspenaren alderdiak eztabaidatu, kritikatu eta berrikusi egin dira zeuden teoria ezberdinak argitzeko amoz. Tibeteko budismoaren tradizio handien ordezkari diren maila goreneko erakunde budistek (Tib. Shedrak), zenbait ikasketa alor komunak dituzte, esate baterako, Madyamaka ikuspena. Mahayana-sutra tradizioan pentsamendu maila gorena da Madyamaka, eta horren bitartez, azken argialdiaren behin betiko ulermena lortzen da, pramana (Tib. Tsema). Pramana ikerketa da, eta fenomenoen azken ezagutzari lotutako gogoaren izaera aztertzen du. Horretarako dauden pentsamendu eskolei buruzko eztabaida eta analisiaren bidez egiten da.


Prajna Paramitaren sutrak (sutren jakinduriaren perfekzioa) Bodhisattva tradizioaren araberako argialdirako bidea azaltzen du.

Abhidharma Kosha, Budaren ibilgailuak diren Sravaka eta Pratyekaren analisi zehaztua da, eta elkarrekin Theravada tradizioa osatzen dute.

Vinayak (diziplina) filosofia tantrikoa aztertzen du.

Gai hauetan zenbat eta sakonago murgildu, orduan eta zabalagoak eta zailagoak dira azalpenak. Hamabost edo hogei bat urte behar dira, gutxienez, irakaspen hauek ulertu ahal izateko. Badaude, gainera, beste zenbait gai osagarri, hala nola, sanskritoa, astrologia eta hizkuntzalaritza (gramatika, poesia eta literatura hartzen dituena).

Gaur egun, Shedran ikasten dutenek hamabi edo hamalau urte eskaintzen dizkiete ikasketei. Ikasketak arrakastarekin amaitzen dituztenean, ezagutza maila azaltzen duen titulu bat jasotzen dute. Ikasketa intelektuala da eta ikasturtea amaitzeak esan nahi du gaiaren ezagutza handia dutela. Hala ere, ez da ahaztu behar ez dagoela inolako bermerik, graduatuek irakaspenak sakon ulertu dituztela esateko. Benetako ezagutza informazio bilketa hutsa baino gehiago da.

Horretaz gain, ikasteari urte gehiago eskaintzen bazaizkio, testu eta izkribu guztien esanahiari buruz inolako zalantzarik ez izaterainoko maila lor dezake ikasleak, eta azaldutako ikuspegi filosofiko guztietan ere ziurtasuna. Azterketa zehatz-mehatzaren bitartez ikasleak desadostasun guztiak konpondu ditu eta ez dago eztabaidaezinezko gairik harentzat. Horrelako pertsonarentzat ez dago gehiago erakutsiko dion libururik, eta ikasketetan halako maila gorena iritsi duen ikasleak berak idatz ditzake tratatuak.

Tibeten oso eginkizun serioa zen filosofiako tratatu bat idaztea. Aditu batek literaturan eta eztabaidan oinarri sendoa bazuen, edozein gairi buruz idazteko eskubidea zuen, esate baterako, lehen aipatutako gai filosofiko nagusiei buruz. Baina, aurrez, eztabaida publiko batean bere burua defendatzeko prest egon behar zuen. Erudizio handia behar zen, zeren arrazoitzeko orduan akatsak egin eta autorea ez bazen argitzeko gai, aski zen hori azalpena ezeztatu eta umilazio ikaragarria jasateko. Dena den, jakintsu handiek azalpena ontzat ematen bazuten, autoreari errespetua eta izen ona ekarriko zizkion. Jakintsu handioi Kehnpo deitzen zieten Kagyupa, Sakyapa eta Nyingmapa tradizioetan, eta Gelugpa tradizioan, berriz, Geshe.

Inork lor zezakeen estatusik gorena eskuratzen zuen, etengabeko ezeztatze eta azterketa zorrotzak gainditzen zituen tratatu bat idazten zuenean. Honen guztiaren ondorioz, Indian eta Tibeten filosofia maila oso handia izan zen.

Status akademiko goren hau lortzea zaila bada ere, bakar bakarrik meditazioan gaitua den Maisua gidatu ahal ditu ikasleak era eraginkorrean, eta hau lorpen miresgarria da. Bide Budistaren benetako helburua Budatasuna lortzea da, izaki argieginaren egoera. Lorpen hau meditazioko esperientziaren ondorioa da erabat. Batek milaka liburu memorizatu baldin baditu ere, ez badu Budak egindako ezagutza lortzen, ezin izango da esan irakaspen hauek iratzartzera eramango dutenik. Ikasle bat meditazioaren bidetik bideratzeko, maisuak zehatz-mehatz ezagutu behar ditu meditazioaren xehetasun guzti-guztiak, eta sakon praktikatutakoa izan bera. Meditazioaren praktikan sortutako esperientziek eta zailtasunek aukera ematen diote maisuari ikasle bakoitzaren arazo zehatzak zeintzuk diren ikusteko. Trebetasun horiek ez dira ikasten ezagutza teorikoarekin. Norberaren esperientziatik soilik ikasten da bakoitzaren praktikaren fruitua lortu den antzematea, eta ezezko kasuan, batek garatzen ikasten du.

Gainera, ikasle bakoitzak berak bakarrik dituen gaitasunak ditu, eta ahultasun berezkoak, eta ondorioz, gidaritza pertsonalizatua eskatzen du. Argi dago, meditatzaile oso iaioak bakarrik direla gai meditazioan inor gidatzeko.

Trebatze horren balioaren adibide da Milarepa yogiaren eta Gampopa bere ikaslearen arteko harremana. Gampopak, Milareparen ikasle zen garaian, egun batean ikusmena galdu zuen kobazulo batean meditatzen ari zela. Lau oinean Milareparen kobazuloraino arrastaka joan eta arazo larriaren berri eman zion. Beldurtuta zegoen. Milarepak ez larritzeko esan zion, gertatu zitzaiona ez zela ez ona ezta txarra ere. Milarepak adierazi zion meditazio xingola estuegi zeukala eta gehiegizko tentsioa sortzen ziola.

Beste batean, Gampopa erretiro bakarti batean zegoen meditatzen eta bat-batean asaldatu egin zen milaka Buda espazioan, buru gainean, agertu zitzaizkionean. Milareparengana jo zuen korrika batean eta praktikan emaitza handia lortu zuela adierazi zion arnasestuka. Milarepak bare-bare erantzun zion: "Hatzekin begiak gogor estutzen badituzu, bi eguzki ikusiko dituzu, baina zuk ikusi duzuna bezalaxe, ilusioa baino ez dira. Ez da seinale ez positiboa, ez negatiboa. Kontzentra zaitez meditazioan eta ez gelditu irudipenetan". Gampopak maisuaren adierazpenaren garrantzia guztiz ulertu zuenean, irudipenak indarra galdu zuen.

Ulermen neurrigabeak lagundu zion Milarepari Gampopa zuzen aholkatzen. Eruditu batek liburuak aztertu eta ondoriozta zezakeen lehenengo kasuan, agian, Gampopak medikuarengana joan behar zuela, eta bigarren kasuan, irudipena benetan gertakizun handia zela eta ahalegina egin behar zuela irudipen gehiago izaten.

Gaur egun, meditazioan maisu den jende asko dago munduan, baina gehienek lehenengo faseak baino ez dituzte ezagutzen, eta hasiberriak dira. Ezin da esan meditazioko maisu guztiak ezjakinak direnik, baina sarritan hori gertatzen da. Meditazioaren praktikako lehenengo mailak erakusteko gaitasuna izan dezakete, baina esperientziarik ez daukate goragoko mailetan.

Gauza bera gertatzen da eruditu estatus maila bikaina eta apala dutenekin, meditazioaren maila gorenen esperientzia zabala eta zuzena ez badaukate. Intelektual asko dago, meditazioan nolabait ere ezjakina, jendeari budismoaren egiak irakatsi eta haietaz jarduteko egokia dena. Dena den, Meditazioan Maisua eta eruditu jakituna konparatzen baditugu, azken hau beti izango da apalagoa. Ezaugarrion nahasketak dirudi onen-onena, baina horrek denbora luzea eskatzen du. Ezagutza teorikoa menderatzeak urteak eta urteak eskatzen ditu ikasten. Meditazioko Maisuak, berriz, meditazioaren esperientzia menderatzen du, meditazioaren bake faseen eta ikuspegi sakonaren bitartez. Kagyu tradizioan, Mahamudra esaten zaio mailarik gorenari.

Budismoaren egiazko helburua argialdia lortzea da. Kontutan izanik emaitza Buda baten erabateko errealizazioa dela, hori lortzeko metodorik egokienaz Milarepak adierazi zuen “maisu egokia, argibide egokiak, praktika egokia eta baldintza egokiak konbinatzen direla emaitza egokia lortzeko”. Garapenak arrakastatsua izan behar du, etapaz etapa, hasieratik azken emaitzaraino. Ikuspegi honetatik, maisu egokia ezinbesteko baldintza da. Norbait eruditua izateko ahaleginetan ari baldin bada, haren maisuak, derrigorrez, eruditua izan behar du.

Norbaitek argialdia lortzeko ahaleginetan badihardu, haren maisuak meditazio maisu trebatua izan behar du.

Bizi garen garaiotan budistei ematen diedan aholku nagusia da, oinarri teoriko sendo bat hartu behar dutela bide budista ulertzeko, horrekin gero benetako meditazioaren praktikan ahalik eta sakonen iristeko; gidaritza taxuzko batekin. Gaitasuna, gai hauetan, ez da lortzen sanskritoa nahiz ingelera irakurtzeko trebetasuna izateagatik, edota Khenpo bat edukitzeagatik edo Geshe mailagatik; meditazioaren esperientziak eta errealizazioak ematen dute gaitasuna.

Conocimiento en la Acción artikuluan argitaratua, 1. Alea, 1. Zenb., 1992. Karmaparen Institutu Budista Nazioartekoaren egunkarian.

menu nagusia