GOGOAREN BAKETZEA ETA IKUSPEGI
 SAKONAREN MEDITAZIOA

Meditazioa oso praktika sakona da eta norberak aurrera egiten duen heinean, gehiago sakontzen du. Nire aholkua guztiontzat modu erraz, samur batean hastea da, ahal den bezain errazen, bezain samurren. Zinez, ordea, aitortu behar dut hizkuntzaren mugak direla eta, benetako esperientzia komunikatzeari ekiteko, mugatua ikusten dudala nire burua, baita meditazio oinarrizkoena adierazteko ere. Edozein hizkuntzaren terminologia giza asmakizuna izanik, taldearen esperientzian oinarritzen da, eta horrelaxe gertatzen da hizkuntza filosofikoarekin, barne esperientzia konpartituaren mugetara makurtua dagoela, ez du esperientzia hori egiaztatzeko kanpoko inolako erreferentzia punturik. Hizkuntza, berez, ez da gauza norberaren esperientzia baino haratago iristeko, eta hauxe da gure arazoaren erroa. Esate baterako, zuk te beroa daukan katilu bat ukitzen baduzu, beroaren sentsazioa jasoko duzu eta, era berean, izotz ontzi bat ukitzen duzunean, hotzaren sentipena izango duzu. Horrela, beroak eta hotzak nahiko esanahi zehatza dute eta mundu guztia ados egon liteke esanahi horrekin, guztiok bizi izan baititugu sentipen hauek inoiz edo behin, ukimenaren bidez. Baina hainbat eta hainbat esperientzia kontaezin komunikatzeko, esate baterako, meditazioan azaleratzen diren zenbait kontzientzia egoera, nola egiaztatuko ditugu erabiltzen ditugun hitzak, ados jartzeko?

Egia da aurreko mendeetan Tibeten terminologia filosofiko bat sortu zela meditatzaileek asmatuta, Dharmaren zenbait hitzetan oinarrituz, baina hitz hauen benetako esanahia ulertzeko informazio pilaketa handia behar da eta, nolabait, esperientzia horien berri izatea. Adibide bat jartzeko, esaten da Mahamudraren praktikan "Rojik" esperientzia sortzen dela (hau, gutxi gorabehera, "gustu bat" izango litzateke)

Mahamudrak hitzez hitz "Zigilu Handiaren Meditazioa" esan nahi du, hau da, urtutako argizariarekin agiri bat lakratzen duen zigilu bat izango balitz bezala; hau ez da aldakorra; honek esan nahi du gauzak ondoren hautematen direla era orekatuan.

Hau da Mahamudra praktikatzearekin lor daitezkeen burutzapen maila askoren arteko bat. Zaila da "Rojik" hitzaren esanahia zein den zehazten. "Gustu" hitza analogia bat baino ez da gogo esperientzia mota batentzat. Ez da mihiaren bidez esperimentatutako gustua. Gustu baten esperientziaren kontzientzia izan duen pertsona bat komunika daiteke hitz horren erabileraren bidez esperientzia ber-bera izan duen beste norbaitekin, baina hitz hori abstraktua eta ulertezina gertatuko zaie oraindik esperientzia hori izan ez dutenei.

Adibide honek adierazten digun bezala, Dharmaren terminologia komunikazio modu ia perfektua izan daiteke meditazioaren gauzatzean sakontasun maila bera konpartitzen duten bi izakiren artean, baina oro har erabiltzen bada, lausoa eta zehaztasunik gabea izateko arriskua du eta bilatzen den esanahiaren gutxi gorabeherako zentzua baino ez du emango.

Hala ere, hizkuntzaren izaeraren ikuspuntu hauek izan arren, meditazioari buruzko nire ideiak konpartitzen ahaleginduko naiz.

Lehen esan dudan bezala, meditaziorik sakonena meditazio xume batekin hasten da. Baretasun iraunkorra eskaintzen duenak (T:Shinnay, S:Shamatha) oso teknika eraginkorra, indargarria eta erraza du oinarri. Metodo ezberdin asko daude eta denek xede ber-bera dute beren baitan: gogoa ahalbidetzea, kontzentrazioa puntu batera zuzenduta, bakean eta etenik gabe egoera egonkor batean luzaroan irauteko. Norbera hasten da hamar, hogei edo hogeita hamar minutuz eserita egoten ikastetik, eta pixkanaka-pixkanaka luzatu egingo du meditazio saioaren iraupena. Erabateko sor irauteko gaitasuna oso-oso aurreratua da, baina meditazioaren lehen estadioetan ere ikas dezake norberak lasai-lasai eseri eta bere gogoaz kontziente izaten, joan-etorrian dabiltzan pentsamenduei erreparatuz, zeru garbian hodeien mugimendu azkarra bezalakoxeak baitira.

Hasieran, meditatzailearen gogoa zaldi basatia bezalakoa da, baina heziko da, etxekotuko da, poliki-poliki, gogoaren baketzerako meditazioarekin konprometituz. Azkenik, gogoa argitsua bilakatuko da, aztoramenetik erabat aske. Gogoaren jarduera, hasieran ur-jauzia dena, ondoren ibai zabaleko korrontearen jario gozo bilakatuko da, eta azkenik, mendiko aintzira garbiko ur bare.

Kontzentrazio ahalmena garatzeko oinarriak finkatzeko, hauxe baita meditazioan baretasun iraunkorraren muina, distrakzioaren aztertzetik ekin beharko diogu, zertan den eta nola agertzen den jakiteko. Bi kategoria nagusi daude distrakzioan: barrukoa eta kanpokoa.

Kanpoko distrakzioak inguru fisikoko eragozpenak dira, besteak beste, kontzentrazioa galarazten duten soinuak. Batzuetan, norbera ohartu gabe gerta daiteke distrakzioa. Erraza da distraitzea orotariko pentsamenduei jarraituz eta, horrela, kanpo esperientzietan murgilduko da pertsona, gertatzen ari denaz ohartu ere egin gabe. Hasieran, zaila da arretari eusten galdu gabe, baina pixkanaka, mailaz maila, gainditu egiten dira distraitzen gaituzten kanpoko eragin horiek. Batzuetan, meditazioan diziplinatzeko, meditatzaile trebatuek teknika osagarriak erabiltzen dituzte, esaterako, buru gainean baso bete ur orekan eustea. Distrakzioak itxura asko ditu, batzuk itxuraz positiboak eta besteak itxuraz negatiboak. Distrakzio negatiboak era guztietako emozio egoera aztoratuak dira, hala nola, haserrea, jeloskortasuna eta beldurra. Horrela, litekeena da meditazioa praktikatzearekin, emozio handiek are handiagoak irudi izatea eta ondorioz, sentimendu horiek gehiago nabarmentzea. Hau horrela gertatzen da eguneroko bizitzan gogoa batetik bestera saltoka ibiltzen delako, noraezean, aztoratuta, gelditu gabe berriketan, gogoaren etengabeko jardunarekin kezkatuta, eta horren ondorioz, emozio egoerak ez dira nabaritzen era sakonean. Hala ere, gogoaren espazio hutsean, lasai ederrean barne bildua, emozio patroien indar itsua begien bistako nabaria bilakatzen da.

Sentimendu positiboak dituzten distrakzio barnekoak zoliagoak eta engainagarriagoak dira. Gogoaren marko atsegin eta zoragarri gisa gertatzen dira, lasaitasun iraunkorrerako meditazioa praktikaren lorpen arrakastatsuen ondorio. Izugarrizko poztasun eta erosotasun sentimenduak dituzte bereizgarri, eta zoriontasun eta ongizate sentimendua. Zailtasuna da oso litekeena dela, ordea, meditatzailea gogoaren egoera hauetara atxikitzea eta egoera hauek behin eta berriz sortzen saiatzea, zorionezko utzitasuna iraunkorraren sentimenduari eutsi nahian. Era horretan, lotura hori eragozpen bihurtzen da hurrengo kontzientzia estadioetara aurrera egiteko.

Distrakziorik ezean, ez barrukorik ez kanpokorik, ongizate, argitasun eta hustasunaren hautemate intuiziozkoaren sentimendua agertuko da. Baina, une honetan, pentsatzeko gure modu arruntarekin, gelditzen bagara eta gure aurrean mahai gainean dagoen te katilu bati begiratzen badiogu; ez ditugu gogoaren ezaugarri positibook agertzen sentituko. Arreta gauza batera zuzentzen dugun bitartean kontzientziari erne-erne eusteko gai izango bagina ere, lokarriaren beste aldetik poney basati bati eustea bezala litzateke.

Baina norberak meditazioan aurrera egiten duen neurrian, gogoa gero eta gehiago etxekotzen da eta azkenean arretaren objektu niarengana aldatzen da. Aldaketa honen ondorioa ongizate hedagarri bat, argitasuna eta dena zipriztintzen duen hustasun sentimendu handi baten esperientzia da. Esperientzia honen ezaugarria ohiko kontzeptu arruntik eza da. Adibidez, fenomenoak funtsean errealak hauteman, izaeratik bertatik sortuko balira bezala (sentimen-pertzepzioak).

Estadio honetan, maisu edo gidari bat, behar-beharrezkoa da. Zaila da norberak bere kabuz gertatzen ari dena zuzen interpretatzea eta ezagutzea. Izan ere, norbera esperientzian murgilduta dago, eta ezin du bereizi esperientzia benetakoa den edota aldez aurretik pentsatutako itxaropenetik sortutako joera mental zoliek eratzen duten. Norbera gogoaren lan zoli horietaz jabetzeko gai ez denez, oso erres onartuko luke naturaltasun osoz, esperientzia ez dela asmatua. Meditazioaren praktikako estadio ezberdinak ezagutzen dituena baino ez da gai izango gertatzen ari dena benetan argi ikusteko. Maisu bat aukeratzerakoan kontuan hartu beharko da pertsona horren talentua, heldua eta eraman handikoa izatea, eta zakarra izan gabe edo ikaslegaiak uzkurtu gabe, zuzena eta trebea izateko gaitasuna edukitzea. Nik ezin dut maisu bat aurkitzeak duen garrantzia gehiegi azpimarratu.

Honenbestez, ikusi dugun bezala, benetako ongizate, hustasun eta argitasun sentimendua sortzea baretasun iraunkorraren meditazioa behar bezala egin izanaren seinale da. Honek, bide batez, horrelako esperientzietan zorrotz egoteko gero eta gaitasun handiagoa emango du. Esate baterako, ongizate esperientzia bat sortzen bada, eta esperientzia horretan arreta gune esklusibo bat garatzen bada, azkenean, egonkorra eta iraunkorra bilakatuko da hori. Baina, giza pentsamenduaren izaera dualista urrundu egiten du ongizatearen ideia aratza eta inpartzialaren gaurkotzea, zeren pentsamendu ezeroso eta gogaikarriei aurre egiteko gogoak horrelako sentimenduak sortzeko joera baitu. Orduan bizitako alaitasun sentimendua asmazio artifizial bat izan liteke soilik, itxaropen batean oinarritua, modu natural batean jasotako baliozko pertzepzio bat izan beharrean.

Argitasun esperientziarentzat ere egia da hau, izan ere, erraz desitxura baitaiteke. Sakontzen hasi aurretik, defini dezagun lehendabizi argitasun hitza. Gogoaren argitasuna kontzientzia beraren kontzientzia baino ez da. Batzuetan, argi argitsu bat izango balitz bezala hitz egiten da berari buruz. Argitasun hori bere intentsitate ezaugarriari dagokio, kontzientzia argiari, luzidoari: argitzeko gaitasuna du, ezezaguna ezagun egin ahal baitu. Hitzez hitz, ez du farola batek bezalako argirik ematen. Hitz egiteko modu bat besterik ez da.

Eguneroko bizitzan ez gara jabetzen gogoaren funtsezko izaeraz. Gogoaren izaeran dagoen argi argitsua ilundu egiten du sortzen diren pentsamenduen ugaritasunak. Horiek sortzen dira sentimen kontzientziaren alderdi fisiko eta mentalak estimulatzen direlako. Hauek, berriz, bigarren mailako baldintzen ondorio dira, hala nola, kanpoko fenomenoen itxuren eta sentimenen ahalmenen arteko elkarrekintza, eta baita gogoaren pertzepzioen barruan esperientzia sentsoriala transmititzen duten prozesu kognitiboak ere. Gogoaren egoera kezkatsu hau harridura edo logura mota bat da benetan eta auto kontzientzia ez dagoen egoera mental lodien ezjakintasun itsugarrian oinarritua dago. Automatikoki gertatzen ari diren etengabeko ekintza kognitibo multzoak dira, eta, auto gogoetarekin, hau da, kontzientziaren alderdi auto kontzientearekin kontatu gabe gertatzen diren erreakzioak.

Laster, gogoaren hausnartzeko ahalmena bilakatzen da benetako adimenaren oinarria, eta gogoaren azaleko jarduera guztia, zeinak dena biltzen duen gogo kontzientearen auto kontzienteari lotu gabe jarraitzen baitu, gogo jarduera itsu bat baino ez da, gogoa bere benetako izaeratik distraitzeko balio duen zarata mota bat. Behin pentsamenduaren prozesua baretuta, emaitza izugarrizko argitasuna da. Lehen aipatu dudan bezala, argitasun sentimenduarekiko lotura agertzen bada, gogoaren egoera artifizial bat sortzen du eta argitasunaren benetako esperientziari merezimendua kentzen dio, eta norbera, berriro ere, gogo samsarikoaren egoera arruntarekin gelditzen da. Ongizatearentzat eta argitasunarentzat egia dena hustasunarentzat ere aplikagarria da. Gogoaren izaera hustasun gisa ez da normalean bizitzen, ezjakintasunaren ondorio. Gogoa sendo sumatzen denean, bere-berean erreala, tentsioak eta neurosiak saihestezinak dira eta, ondorioz, oker bizitzen dira, benetan existituko balira bezala. Behin pentsamendu kontzeptualak baretzen direnean, tokia garbi gelditzen da hustasunaren benetako gauzatzea gertatzeko. Alabaina, alaitasunarekin eta argitasunarekin gertatzen den bezala, derrigorrezkoa da egoera hori birsortzeko, luzatzeko eta izateko nahia baztertzea, pertzepzioak garbi iraun dezan eta, honenbestez, fidagarria izan dadin.

Laburbilduz, baretasun iraunkorraren meditazioa praktikatzeak bakea eta oreka lortzera eramaten dutela esan daiteke. Egoera lasai batean gogoa arreta argi baterako gai da, non bere izaera sakonaren kontziente baita: ongizate zoriontsua, argitasuna eta hustasuna, gogoan berari inposatu gabe, benetan substantziala edo existentzia atxikiaren okerreko kontzeptua. Etengabeko praktikarekin ahalmen hauek handitzeko potentzialak ez du mugarik eta, azkenean, norbera argialdi egoeran sartzen da. Tximeletaren kapulutik irteten ari den beldarra bezalakoa da. Ezaguera maila honetako pertsona baten kontzientzia munduko kezketatik nahiz interes egoistetatik libre dago erabat eta banakoa meditazio kontzentrazioaren garapen osagarrian soilik dago interesatua, nahiz eta, jakina, oraindik gorputza mantentzeko beharrezkoa izan jatea. Hala ere, meditazio egoera horiek oso goi mailakoak izanagatik ere, ez dute izate samsarikoa gainditzen eta ez dute azken liberazioa sorrarazten. Ez dira konparagarriak Budaren argialdiarekin.

Argialdi egoera bereizten duen kontzientzia zabala erdiesteko, nahiz kontzientzia egoera samsarikoen liberazioa lortzeko, ezinbestekoa da baretasun iraunkorraren meditazioaren praktika ikuspegi sakonaren meditazio gorenarekin nahastea (T:Lhaktong, S:Vipashyana), zenbaitetan meditazio analitikoa ere deitu izan zaiona. Behin baretasun iraunkorraren arretari eusteko gogoaren ahalmena handituta, erraz eta natural iristen da ikuspegi sakonaren goi mailako meditazioa. Nahiz eta jende askok vispashyanari buruz meditazio modu bat balitz bezala hitz egin, eta askotan zenbait tradiziotako meditatzaile ikasleek erabilia izan arren, kasu honetan, hitz hau oso zehatz erabiltzen da. Izan ere, hitz bera bi praktika desberdin deskribatzeko erabil daiteke. Hemen praktika aurreratu bati dagokio eta bere egoera gorenari, hau Buda baten kontzientziatik banaezina da. Beraz, ez da batere arrunta.

Filosofia budista tantrikoaren testuinguruan, madhyamakaren arrazoiketa intuitiboa oso garatua eta pentsamendu beste eskola batzuk ere ikuspegi sakonaren goi mailako meditazio modu gisa daude kategorizatuta. Oro har, nahiz eta elkarrekin erlazionaturik egon, baretasun iraunkorraren meditazioa garapen aldiari dagokio normalean, eta goi mailakoa, ikuspegi sakonarena, amaiera aldiari, eta horrela, gauzatzean, oso maila aurreratuko meditazio gisa hartzen da.

Hasiberriak izanik, gure oraingo gogoaren egoera aztertu behar dugu eta konturatu ilusio bat dela. Ikerketa logikoen bidez gogoaren nahasketaren arrazoia aurkitu behar dugu. Gure bilaketak ezinbestean ikusaraziko digu barneko eta kanpoko gertakariek (gogoaren sentsazioek eta zentzumenek hautematen dituzten objektuek) ez dutela substantziarik eta irrealak direla.

Meditazio analitikoa hastean, onena da kanpoko gertakariaren izaera behatzea eta, orduan, pixkanaka-pixkanaka, gogoaren alderdi zoliagoei ekitea, izan ere, bigarren alderdi hau, nahiz eta ez izan hain bistakoa, meditazioaren praktikarako garrantzitsuagoa da. Ikerketa logikoaren bidez, ikus dezakegu kanpoko objektuak gogoaren egoera nahasien adierazpen direla soilik, eta ez direla existitzen guk uste bezala. Egia esan, gogoaren proiekzio soilak dira. Arrazoi hau dela-eta Budismo Mahayanan kanpoko munduan agertzen den bezalako kausa-efektuaren izaeraren ulermena da oinarria, non beste ikuspegi filosofiko batzuk ereikitzen baitira.

Behin proiekzio mental hauen izaera ulertzen denean, errealitate arruntaren itxurazko laburpen solidoa sortzen duen prozesu mentala alderantzikatu egin daiteke eta, horrela, nahasmenak kontrolatzen dituen gogoaren egoera arruntak gaindi daitezke. Orainaldiaren gure esperientziak, errealitate erlatiboaren testuingurura zokoratua, gertatzen diren gertaera mentalak ikusarazten dizkigu, edo, beste era batera esanda, kanpoko gertakariak, funtsean errealak balira bezala, baina, izatez, beren izaera irudimenezkoa da, amets bateko irudiak bezala. Arrazoi hau dela eta kontrolatzen gaituzte ilusio hauek.

Meditazioaren bidez, azkenik, gaindi dezakegu joera hau. Bitartean, gogoa bere izaeraz ohartuko da pixkanaka-pixkanaka. Kanpoan azaltzen diren ilusioak, poliki-poliki, kontzientziaren kontrolpera pasatzen dira eta, gainera, meditazioaren praktika indartzeko balio dute. Bodhisattvak, hustasunaren izaera burutu duten izakiak eta gainerako izaki guztientzat errukitasun perfektua arrakastaz landu dutenak, irudimenezko errealitatea erabiltzeko eta eraldatzeko ere gai dira, izaki sentikorren beharrak naturaltasunez asetzeko eta, gainera, erreinu askotan aldi berean agertzeko ahalmena dute izakiok gidatzeko.

Amitabha Buda, esate baterako, Dewachengo erreinu budikoan agertzen da eta, aldi berean, egoki iruditzen zaion beste edozein lekutan. Hau posible da errealitatea kontrolatzeko gai delako. Sendagai egokiarekin edozein gaitz sendatzen duen medikua bezalakoa da.

Buda baten maisutasun maila, Amithabarena bezala, nahiko maila handia da, baina aurreko estadioetan ere ahalmen handiak azal daitezke. Naroparen sei yogak menperatu dituen praktikatzaile bat gai izango da amets kontzientearen praktikari ekiteko. Ametsetan erne irauteko gaitasuna izanik, ametsa sortzen duten indarrak manipulatzeko ahalmena lortzen da, ez baitaude oso sendo finkatuak. Praktikarekin, gogoaren bitartez kontrolatu ahal izango dira. Oso errealizatua dagoen praktikatzaile bat gai da kontzientzia hau zabaldu eta printzipio hori eguneroko bizitzako indar kausalei lotzeko. Arrazoi hau dela eta, lehen eta bigarren mailako Bodhisattvak nahita azaltzeko ahalmena erdietsirik, izakiei on handia egiteko gai dira, baina ez Budek egin dezaketen neurrian. Praktika honen lehen helburua, gogoaren esentzia den bezalakoxeaz ohartzea da. Esentzia horren froga bat itsu bati ikusaraztea izango litzateke.

Gogoaren benetako izaeraren pertzepzioa gero eta zehatzagoa da norbera praktikarekin ohitzen den neurrian. Honenbestez, onuragarria da meditazio analitikoa erabiltzea gogoaren barru-barruko izaeraren hurbilketa kontzeptual batera iristeko; berau ondoren berrikusia izango da zuzeneko esperientziaren bitartez.

Azterketa oinarri-oinarrizko behaketekin hasten da. Esate baterako, gogoak ez duela izaera fisikorik ikusiko dugu, ikusi eta uki daitezkeen eta garunari egokitzen zaizkien bestelako ezaugarriak dituela.

Baina hori ez da ezer. Gogoa bada indar handikoa eta dinamikoa den presentzia bizia. Gogoaren benetako izaera argia eta hutsa da, eta ez dago itxia. Gainera, bi alderditan bana dezakegu gogoa. Lehenengoa, kontziente gaudeneko egoera da, eta berorretan, etengabeko pentsamendu jario bat dago pentsamenduak sortu eta eten egiten direna, bakoitza aurrekoaren desberdina da.

Saia zaitez hirurogei segundoan zenbat pentsamendu gertatzen diren kontatzen. Ikusiko duzu asko agertu eta joan egiten direla. Pentsamenduak ez dira entitate sendoak, eta ezinezkoa da hauen sortze eta etetea gelditzea. Saia zaitez une honetan zure aurrean ikusten dituzun koloreak kontatzen. Gogoak kolore bakoitza argi ikusten du, nahiz eta ez kontzentratu bereziki bakoitzean. Kolore bakoitza pentsamendu berri bat sortzearen arrazoia da. Horrela bada, pentsamendu guztiak ezabatu egiten badira, zer gelditzen da?

Gelditzen dena gogoaren bigarren alderdia da, bere baitara zuzentzen dena, beste objektuetara zuzendu beharrean. Hau gertatzen denean, ez da ezer ikusiko, entzungo, dastatuko, usainduko edo sentituko kontzientziaren senaren bidez, eta kontzientzia erabat askatuko da konfinamendu guztietatik. Honekin jarraituz, ikusmen mentalaren, entzumenaren eta abarren irismena lehen baino askoz handiagoa egingo da eta horrela goreneko zentzumen pertzepzio kontzientziaren bost erak gertatuko dira.

Meditazioan berria den batek, niaren kontziente izateko indarra jartzen duen oinarrizko praktika baten bidez, hemen deskribatutako estadioetan barrena aurrera egiteko potentziala du. Azkenik, ahalegin handirik egin gabe, arreta puntu batean mantentzeko gaitasuna garatzen den neurrian, emozio asaldatzaileak, adibidez, urguilua eta jeloskortasuna bezalakoak, aztertu ahal dira. Ondorioz, kanpoko arreta-objektuak barruko arreta-objektu bihurtzen dira. Errealitateari, benetan existituko balitz bezala atxekitzera bultzatzen duen sustraia ezin da errotik atera ikuspegi sakonaren goi mailako meditazioan maila aurreratu bat lortu arte. Baina litekeena da, askoz lehenago, emozio nahasgarriak gutxienez neurri batean leunduak izatea.

Baita hasiberritan ere, baretasun iraunkorraren meditazioaren praktikak oztopo emozionalak gutxitzen ditu, hala emozio bakoitza noiz sortzen den argi eta garbi ikusten uzten du, eta honenbestez, ulertzen benetan ez dela existitzen, gogoan gertaturikoa baino ez dela. Emozioen hustasunaz konturatzeko gai baldin bada gogoa, orduan ez dira existitzen. Atxikimendua ere gutxitzen joango da hutsa dela onartzen denean. Bestalde, Karmak etengabeko kausa eta efektu jario gisa jarraituko du funtzionatzen. Baretasun iraunkorraren meditazioak berez ez du ahalmenik meditatzailea kausa eta efektu prozesu honi lotua egotetik askatzeko. Eguneroko bizitzako diziplinak, adibidez janariaren irenstea arautzeak, esperientzia frustragarriek gogoaren orekan egiten duten inpaktua gutxitzen laguntzen du. Norberak maila goreneko ikuspegi sakonaren meditazioan jarduteko adinako maila erdiesten duenean, eragin karmikoekin lotuta dauden arazoek ez dute asko molestatuko. Baina baretasun iraunkorraren meditazioaren praktika maila aise asalda daiteke oraindik. Zer egin honekin?

Nire gomendio bat da Bodhisattvaren botoak hartzea. Boto hauek izaki guztiei laguntzeko helburu handiaren aurrean argialdiaren nahia atzeratzeko konpromisoa eskatzen dute. Konpromiso honen bitartez, norberak bere etorkizuneko garapenerako hazia ereiten du une horretan eta hori izaki guztiak samsararen oinazetik askatzeko nahi garbia da. Onuragarria da gogoari oroitaraztea izaki guztiak, salbuespenik gabe, senideak ditugula, izan ere, aurreko izateetan zehar, uneren batean gure aita edo ama izan baitira eta maitasun eskerga erakutsi baitigute.

Ikuspuntu mota hau mantentzen bada, norberaren praktika erabat aldatzen da, izan ere, errukitasuna dela medio norberaren askapenagatik ahalegina egiteko motibazioa aldatu egiten baldin bada, orduan argialdia erdiesteko biderik laburrena eta zuzenena hartzen da. Zergatik? Hasieratik bertatik motibazio honek norberaren pentsamenduen gunea Budarenekin lerroan jartzen baitu.

Bodhisattvaren botoak hartuta, norberak jokaera zuzenaren urratsak jarraitzeko hitza ematen du. Urrats hauek Bodhisattva baten bizimoduari loturik daude. Botoak kanpoko jarduerarekin ez ezik, barneko jarrerarekin ere lotuta daude. Botoari kontuz eusten bazaio eta inoiz hondatzen uzten ez bada, sortzen den botere izugarriak leundu egingo ditu praktikak berarekin dituen eragozpenak eta sor daitezkeen era guztietako emozio aztoratzaileak. Shantidevak, bere "Bodhisattva baten bizitza"-n esan zuen: "Boto hau hartzeak era guztietako eragozpenetatik babesten du norbera". Beraz, beharrezkoa da boto honi eusteko etengabeko ahalegina egitea, sarri-sarri berrituz barrutik eta, batez ere, norbera konturatzen denean botoa ez dela bete. Haserrea, jeloskortasuna, eta urguilua dira konpromisoa eta norberaren ziurtasuna ahultzen duten eragile garrantzitsuenak. Behin botoak hartuta, norberak ahal duen guztia egin beharko luke hauei eusteko, baina, batez ere, hasieran, zailtasun asko sortuko dira.

Ia saihestezina da norbera pentsamendu, hitz edo okerreko ekintzetatik libratzea. Erremedio gisa ona da, hogeita hamabost Budak irudikatzen diren bitartean eta izaki sentikor guztien ongizatean pentsatzen den bitartean, "Hiru Bilketen Sutra" egunean hiru bider errezatzea. Horrela, eutsi egingo zaio botoari.

Bukatzeko, mundu guztia animatu nahiko nuke meditazioaren garrantzia kontuan hartzera. Gure existentziaren laburtasunaz ohartzen bagara, pentsatzen dut praktikari ekiteko motibazio handia sentituko dugula, nahiz eta geu gara benetan garrantzitsua dena erabaki behar dugun bakarrak. Beste gauza bat kontuan hartu beharrekoa: gidatuko gaituen norbait edukitzearen garrantzia da. Izan ere, tradizio baten barnean gaude eta beharrezkoa da gida bat edukitzea. Benetako maisu batengan konfiantza izatea oso onuragarria izango da zuretzat.

 

 

 

menu nagusia