IKUSTEN
IKASI
Kkö-info:
Mendebaldeko Dharma praktikatzaileentzat, zer da garrantzitsuena?
Rimpoche:
Badira modu ezberdinak Budismoren irakaspenetara hurbiltzeko.
Baina guzti guztiak bat datoz gauza batean: azken finean bakoitzak
ikasi behar duela bere kabuz. Zeregin asko dituen pertsona batek
(senitartean, lanean,
) agian interesatua dago egunero praktika
bat egitean. Praktika hori elikatzeko budismoari buruzko oinarrizko
ezagupena nahikoa izan daiteke. Sakontzeko eta praktika zabalago
egiteko nahia badago beharrezkoa da irakaspenak sakonagoki ezagutzea
ohitu, trebatu arte. Baina benetako esperientzia lortzen da bakar
bakarrik lortutako ezagupen hori guztia meditazioarekin konektatzen
denean. Budismoa ez da bakarrik erlijio edo sinismen bat baizik
eta ezagupen eremu zabala eta aberatsa. Horregatik Dharmak eskatzen
du denbora luze eta ahalegina.
Kkö-info:
Pertsona askok ez dute denborarik ikasketa trinko edo erretiro
luzeak egiteko. Nola praktikatu eta ikasi ahal dute era egokienean
bere ohiko bizitzan?
Rimpoche:
Ikasketei dagokienez, beharrezkoa da Madhyamakaren, ematen dituen
gaitasunen eta bere garrantziaren oinarrizko ikasketa egitea.
Meditazioari dagokionez komenigarria da beti ahal dugun guztia
praktikatzea. Beti izan da eta egun ere badira ikasleak meditazioa
etxean praktikatzen dutenak, arrakasta handiz, erretiro luzeetara
joan gabe. Lehenbiziko momentuan, funtsezkoena da oinarrizko irakaspenei
buruz ahalik eta gehien jakitea, meditazioa era zuzenean egiteko
gai izateko. Modu honetan jokatuz bizitza honetan praktika trinkoa
egiteko baldintzak sortzen ari gara, bereziki mendebaldean zahartzaro
luze bat izateko dauden baldintza egokiak aprobetxatuz.
Kkö-info:
Ezagupena eskuratzeko maisuak behar ditugu zeinetan gure konfiantza
jarri. Nola garatu ahal dugu konfiantza?
Rimpoche: Konfiantza ezagupenari
dago lotua. Bidea ezagutu gabe ezinezkoa da benetako konfiantza
edukitzea. Konfiantzak (edo fedeak) esan nahi du bidea ezagutu
eta gure ezagupen horretan konfiantza izan. Biziki ikasteak konfiantza
berez isurtzea dakar. Adibidez, pertsona itsu batek behar du gida
bat zeinengan konfiantza jarri. Beti itsu jarraitu nahi baduzu,
beti egongo zara gida baten menpe. Aitzitik, betiko gidarik nahi
ez baduzu, ikusten ikasi beharko duzu. Piskanaka hasiko zara begiak
irekitzen eta ikasiko duzu bidean konfiantza jartzen, bidea ikusten
eta ibiltzen. Maisua behar izateak ez du esan nahi berarengandik
zintzilikatu behar dugunik, itsuaurreko txakurra balitz bezala.

Kkö-info:
Zer esan nahi duzu adibide honekin?
Rimpoche:
Hitz egiten ari naiz Dharma aurkitzean muturreko eta sektario
bihurtzen diren pertsonei buruz. Ibiltzen dira hortik mantra franelekin:
OM MANI PEME HUNG. Desiratuko lukete beti haien maisuen oinetan
egotea eta saiatzen dira imitatzen keinu hutsalenetan ere. Budismoaren
praktikan sen ona oso garrantzitsua da. Tibeten bada esaera zahar
bat hori adierazteko: Goi mailako negozio-gizona, Dharma
ikasten duenean, goi mailako praktikatzaile bihurtzen da.
Negozio-gizon batek badu ulermen praktikoa eta pentsamendu argia,
eta hau oso beharrezkoa da Budismoaren praktikarako.
Kkö-info:
Nola jarraitu behar diogu gure maisuari?
Rimpoche:
Zure maisua errespetatu behar duzu, berarekiko esker ona sentituz.
Maisu baten irakaspenak jarraitzen badituzu iraunkor izan behar
duzu. Ezagupen multzo handi bat eskuratu duzunean ez duzu bizkarra
eman behar. Hori egiteak ondorio txarrak ekarriko lizkizuke. Azken
finean asko zor diozu pertsona horri.
Kkö-info:
Nola epaitu ahal dugu maisu batek benetan dituen ahalmenak?
Rimpoche:
Gai honi dagokionez esan beharra dago badagoela, batez ere mendebaldarren
artean, sinismen oker bat: monje tibetar guztiek oso pertsona
jakintsuak direla diona. Haien abituek txunditzen dute izugarri.
Kontutan hartu behar dugu abitu horiek Tibeteko tradizio kultural
batekoak direla eta horrek ez duela beti esan nahi eramaten dituenak
argiegina dagoenik. Baina monje asko ez dira zinez hain jakintsuak.
Egoki ikasteak ikasketa formal trinkoa eskatzen du. Gainera, heziketa
osoa jaso duten Dharma praktikatzaileak, maisu gaituak izatera
helduz, ez dute halabeharrez monjeak izan behar. Laikoak ere izan
daitezke. Dharma ikasten dugun bitartean oztopoak ekiditeko jarri
ahal dugu ahalegina irakaspenak jartzean maisua jarraitzean baino.
Batek nahikoa ikasi ahal du modu egokian jokatzeko moduari buruz
baita maisu inperfektu batekin ere. Ikasle bati posiblea zaio
irakaspenen bizipen haundiagoa izatea bere maisuenak baino, honen
bizitza irakasten dutenarekin bat ez badator. Konfiantza merezi
duen maisuak behar du izan bereziki jakinduri eta errukitasun
handia. Vajrayanan, gainera, maisuak argiegina behar du izan.
Baldintza hauen azpian garatu ahal da konfiantza ahalmen hauek
dituen maisu batekiko, baina inportantea da ere, konfiantza ikasketen
bitartez garatzea.
Kkö-info:
Posible al da frogatzea gurea benetan maisua badela?

Rimpoche:
Vajrayana filosofiaren ezagupen osoa izanik egin ahal da egiaztapen
hori. Egiaztatu ahal da bere heziketa eta jasotako transmisioak
eta bere praktikaren zabaltasun maila. Unibertsitatea bezalakoa
da. Jakin ahal duzu irakasle batek bere arloan duen gaitasuna,
beste irakasle edo ikasleei erreferentziak eskatuz. Modu honetan
batek egiaztatu ahal du maisu baten jakinduria. Baina maisuaren
meditazioen kalitatea aztertu ahal da bakar bakarrik ikasleak
berak meditazioa garatu baldin badu eta Dharmarekin oso ohitua
badago.
Kkö-info:
Zein da Mahayana, ibilgailu handia, eta Vajrayana, Diamanteren
bidearen arteko konexioa?
Rimpoche:
Mahayana eta Vajrayana ezin dira bereiztu, ez dira gauza ezberdinak.
Vajrayanaren praktika guztiz oinarritua dago Mahayanan. Hori adibideen
bitartez demostratu ahal da. Vajrayanan Budaren aspektu bati buruz
meditatzen baduzu, irudikatzean bera sortzen da errukitasun eta
hustasunaren arteko bereiztezintasunetik. Hustasuna ez da zulo
beltza eta errukitasunak ez du esan nahi gure sentimendu emozional
arruntak. Orduan zer esanahia dute zinez errukitasunak eta hustasunak?
Kontzeptu biak oso zehazki daude azalduak Mahayanan. Mahayanaren
oinarriak behar dituzu Vajrayanaren metodoak ulertu eta era egokian
erabiltzeko. Imajina dezagun HRIH silaba agertzen dela, gogoaren
benetako izaera sinbolizatzen duena. Bere azalpena, Mahayanan
dago azalduta.
Kkö-info:
Honek esan nahi du ez dagoela Vajrayana Mahayanaren oinarririk
gabe?
Rimpoche:
Bai, biak erabat bereiztezinak dira. Ez dago deus Vajrayanatik
atera eta Mahayanaren ikusmen eta meditaziotik era independentean
praktikatu ahal duzunik. Vajrayanaren metodoak Mahayanan daude
oinarrituak eta badira ongarria bezala, garapena arintzen duena.
Vajrayana tresna osagarriak eskaintzen ditu baina inoiz ez Mahayanatik
bereiztuak.